Orona Fundazioa San Juan baleontziaren laguntza ekimenari batu egin da

2015/01/19

Albaolaren egitasmoak eta San Juan baleontziaren eraikuntzak gure gizartearentzat zer nolako garrantzia izan duen aurreko mendetan teknologian maisutasuna eta lidergotza izatea (ontzigintzan, kasu honetan). Lidergotza hori zela eta, garapen ekonomiko handia gertatu zen gure lurralde osoan (arotzgintza, meatzaritza, artisautza, komertziala, baserriaren jaiotza unitate ekonomiko gisa, etb.) eta mundura zabaldu ginen.

ORONAk egun, San Juan baleontzia eraiki zenetik 450 urte geroago, bere estrategia eta konpromezua etorkizunean eta bere ingurunean, berrikuntza teknologikoan eta mundura irekitzean oinarritzen du, beste ardatz estrategiko batzuen artean.

Orona Fundazioak Albaolarekin elkarlanean ari da proiektua martxan jarri zenetik. Albaola Itsas Kultur Faktoriaren eraikuntza lanak hasi zirenetik kolaborazio hitzarmen bat sinatu zen eta San Juan Sarearen kide izatera pasa zen. Faktoria maiz bisitatzen dute gainera, San Juanaren eraikuntza prozesua gertutik jarraitzearren.

Orona Fundazioaren laguntza era askotarikoa izan da. Orain arte eraikinaren berriztatze lanetan egindako ekarpena azpimarratu daiteke: Azkorreta ontziola zaharra Albaola Itsas Kultur Faktoria bilakatu genuenean – bizirik dagoen giza museoa- kooperatibak irisgarritasuna hobetzeko azpiegiturak ezarri zizkion Oarsoaldeko ekipamendu kultural berriari. Modu jarraiago batean, bere kontaktuen sarean proiektua ezagutzera ematen ari da baita ere. 

Orain, Orona Fundazioa San Juan baleontziaren laguntza ekimenari batu egin da eta San Juanaren funtsezko pieza bat babestea erabaki du: kabrestantea, azken batean garai bateko pisu handien igogailua zena. 

Tornu bertikal bat zen kabrestantea; horren bitartez marinelen indar fisikoa biderkatzen zen. Kabrestanteak kendu eta jartzeko moduko sei barra zituen buruan; haietako bakoitzean bi gizon bultza zezaketen, hamabi denera. Tiratu nahi zen soka kabrestantean biltzen zen, eta gizonek biraka aritzen ziren, kontramaisuaren aginduetara. 

Indar handia behar zenean erabiltzen zen kabrestantea 16. mendeko itsasontzietan; pisu astunak altxatzeko balio zuen bereziki. Diseinu-aldaketa gutxi batzuekin, lurrinezko indarra iritsi arte iraun zuen hurrengo mendeetan.