Chillida Lekuk eta Orona Fundazioak auzotasun-hitzarmen bat sinatu dute.

2019/02/15
● Lehenengo urratsa da elkarlanean sukaldaritza-eredu jasangarri bat jartzea museoan, kafetegia eta catering zerbitzuak barne hartzen dituena. ● Diámetro 200 proiektuaren filosofiatik abiatuta —bertako eta garaiko produktuak erabiltzea du oinarri filosofia horrek— eta Fede Pacha sukaldaria buru dela,“Lurra” sukaldaritza-proiektuak lurraldeko eragin positiboa indartuko du.
Auzotasun-harremanak eta bi erakundeek gure lurraldearekin duten konpromisoa oinarri hartuta, Chillida Lekuk, bere fundazioaren bidez, hitzarmen bat sinatu du Orona Ideorekin. Elkarlan horren lehen emaitza izango da museoko kafetegian Diámetro 200 eredua ezartzea, Orona Fundazioak sortu eta sustatua. Horixe izango da Chillida Lekuren nobedadeetako bat apirilean, irekitzen dutenean. Bisitariek beren bisitan kafe bat hartzeko edo zerbait jateko espazioaren izena Lurra izango da. Izen horren bidez, lurraldearekiko lotura estua adierazi nahi da, horixe baita Chillida Lekuren ezaugarri nagusia, bai eta Fede Pacha buru duen sukaldaritza-proiektu jasangarri eta hurbilekoaren ezaugarri nagusia ere. “Lurra” izendapenak, halaber, erreferentzia egiten dio Eduardu Chillidak materia gisa erabilitako lurrari. Artista gisa lanean hasi zenean, uko egin zion Chillidak buztinari, moldaerrazegia zela iritzita, baina gerora oso gustuko izan zuen txamota. Eskultorearen ustez, lurrak badu zerbait jatorrizkotik, jatorrira itzultzetik. Beraz, Lurra izenarekin, biei egin nahi zaie omenaldia: Orona Ideok eta Chillida Lekuk lurraldearekiko duten loturari, batetik, eta eskultoreak material horrekin lan egitean aplikatzen zuen filosofiari, bestetik. Naturarekiko errespetua eta bere lurraldearekiko lotura balio oso garrantzitsuak izan ziren Chillidarentzat haren obra osoan. Zentzu horretan, Chillida Lekuren xedea eta filosofia bat datoz Orona Ideoren proiektuarekin; hain zuzen ere, gizarte- eta ingurune-jasangarritasuna oinarri duen berrikuntza-ekosistema bat da Orona Ideorena, eta museotik kilometro bat baino gutxiagora dago haren egoitza. Diámetro 200 eta Chillida Leku: ingurune bera, xede bera Bi helbururekin sortu zen Diámetro 200 proiektua: alde batetik, Oronako langileei eta bisitariei elikadura osasungarria eta jasangarria eskaintzea, eta, bestetik, tokiko ekonomiaren eragile aktibo bihurtzea; zehazki, lehen sektorearena. Eredu horri jarraituz funtzionatuko dute Chillida Lekuko kafetegiak eta catering zerbitzuak ere. Oronaren Hernaniko lantokietako kafetegi eta jantokietan erabiltzen diren prozedura berak erabiliko dira haietan ere. Modus operandi hori arrakastaz aplikatu da bost urtez Oronan. Haren oinarria da bertako elikagaiak, garaian garaikoak eta ahal dela ekologikoak izatea elikaduraren oinarria, eta, hala, eragin positiboa lortzea lurraldean. Oinarrian, baserritarren lana dago, bertako nekazari eta abeltzainena; Hernaniren inguruan 200 kilometroko diametroan hazten eta heltzen diren produktuak erabiltzen dira. Ekimen hau gizarte- eta ingurumen-erantzukizunarekin jarduten duten hornitzaileen eta kolaboratzaileen sareari esker gauzatu daiteke. Horien artean, nabarmentzekoak dira Karabeleko finka agroekologikoa, Lur Lan nekazarien elkartea, Luis Irizar sukaldaritza-eskola eta Diámetro 200 kontzesionarioa bera, besteak beste. Horrela hasi dira lankidetzan mundura irekita dagoen konpainia baten berrikuntza-ekosistema bat, Oronarena (enpresa, ikerketa-zentroa eta unibertsitatea), eta museo bat, Chillida Leku, bere izaeragatik munduan bakarra den zentroa. Lurra Chillidaren obran Lurrarekin egindako lana da Eduardo Chillidaren lanaren eremu adierazgarrienetako bat. Artista material horretara hurbildu zen bere itxura trinkoagatik eta blokean lan egin zezakeelako, baina, batez ere hasieran, haren soinuak erakarri zuen. Honela azaldu zuen eskultoreak: “Une batean, belarriaren bidez espresatu zitzaidan materia, Hans Spinner-ekin. Ni Saint-Paul-de-Vence-n ari nintzen lanean (Frantzia), grabatuarekin. Eta zarata entzun nuen estudiotik. Behera jaitsi, eta esan nion Hansi: Utziko didazu hau ukitzen? Ukitu nuen, eta pentsatu nuen: ‘Hau bai airez sartzeko pilota’. Frontoian esaten da hori, pilota airez jotzeko ongi datorrenean”.