Orona Fundazioak eta Skootik-ek THE EGG sortu dugu

2020/12/17
Adimen artifizialaren eskola etikoa, “learning by doing” metodoan oinarritua dago.
Adimen artifizialak aukera ematen du ordenagailuei ahalmen analitikoa eransteko, haien lehengaian oinarrituz: datuak. Konputagailuek zenbait informazio-iturritatik balioa erauztea lortzen badugu, hobeto ezagutuko dugu inguruan duguna, eta erabakiak modu objektibo eta ziurragoan hartu ahal izango ditugu. Urte gutxiren buruan, garapen jasangarriaren oinarri estrategiko bihurtuko da adimen artifiziala. Hori dela eta, gure lurraldean datu-analisten eta adimen artifizialeko adituen masa kritiko bat osatzea da The Egg-en helburua. The Egg adimen artifizial etikoaren lehen eskola da, doakoa eta irakaslerik gabea, non ikasle izateko ez baita beharrezkoa aldez aurretiko ezaupiderik izatea, ez informatikaren arloan eta ez adimen artifizialean. The Egg proiektuan parte hartzen duen pertsona orok berariaz onartu behar du adimen artifizialean oinarrituriko sistemek Europar Batasunak sortutako oinarrizko eskubideak errespetatu behar dituztela, bai eta The Egg-ek proposaturiko printzipio etikoak ere. Orona Fundazioarentzat gure misioari oso estu lotutako ideia bikaina da. Gure gizartearentzat eta ekonomiarentzat balio erantsia sortuko duen trebakuntza eta hezkuntza bultzatu behar genituen, eta Orona Ideo, kokaleku ezin hobea da. Proiektu hori gauzatzeko, Orona Fundazioak gunea egokitu du, eta behar ziren inbertsioak egin ditu liburutegian ikasgela bat sortzeko; ordenagailuak eta bestelako zerbitzuak dituzten 20 ikasleku prestatu ditu bertan. Era berean, Orona Fundazioak diruz lagunduko du eskola, gutxienez hiru urtez. Gure gunea Gipuzkoako The Egg proiektuaren egoitza nagusia izango da. Proiektua Orona Fundazioak ingurunearen eta trebakuntzaren alde egin duen apustuaren barruan sartzen da —Fundazioak beste jarduera akademiko batzuk ere egiten ditu, bereziki bere inguruneko hezkuntza-eragileekin.